KALEAN

Berdeak izan zitezkeen, itxaropenez bustiak, bizi dugun garaiaren lekuko. Beltzak izan zitezkeen, ezkorrak, mesfidatiak, bizi dugun garaiaren ispilu. Baina oliba hauek gorriak dira: zainetan borborka amildegirantz ziztu bizian doan odolarena, maitatzen eta gorrotatzen duen arantzadun arrosarena, mailuak kolpatzen duen sutan goritutako burdinarena, helmugara iritsi ez garela gogorarazten digun alarmarena, apatxe gaueko dantzaldira huts egingo ez duen gonarena, eta batez ere isilik egon nahi ez duen eztarri urratuarena.

Zortzi urtez zigor-gelan ilundu nahi izan dituzte, mututu, zuri-beltzean margotutako jendarte honetan ahotsa altxatu ez dezaten. Baina saiakera, alferrikakoa izan da. Sekula baino gorriago eta sekula baino goriago dator Markinako boskotea. Ideiak garbi eta ahotsa(k) ozen, disko berri honen funtsa bi elementu horietan oinarritzen da eta.

Alde batetik eta ohi bezala, ideiaz hornitzen dira, gudarako oinarri eta tresnak direnak. Egunerokoan gure begi eta belarrien bazka diren mezu eta ideia monokromatikoei gerra deklaratuz, hagin zorrotzak erakutsiz. Sentitu, pentsatu eta ekiteko ideiak, hardcore, punk eta rock-aren esanetara musikatu dituzte: bizkor, pasioz, maitasunez, amorruz.

Eta bestetik ahotsa da protagonista. Sekula baino pluralago, sekula baino anitzago, inoizko zerrendarik luzeena baitakarte besapean. Euskal Herrian barna eta bere mugetatik at aurkitu dituzte, espetxean idatzitako hitzei, eztarria eta arima jarri dieten ahotsik gabekoen ahotsak; 22 testigantza, harresi guztien gainetik, “Ideien Guda” aho bete doinuz. Baina entzuten ez diren ahotsak ere batu dira proiektu honetara, utopia gorri hau amestu eta babesteko, OLIBA KOOP osatu duten ezinbesteko 402 burkide.

Ezbairik gabe, letra larriz idatzitako sorkuntza kolektibo baten aurrean aurkitzen gara, gorputza eta bihotza bat eginik, partekatutako arima gorriaren iraultza kantak borobilduz. Esaera berriak dioen bezala, “atzo, gaur eta beti gorriak!atzo, gaur eta beti ideien gudan!”

Iruzkinak:

  1. Aizkorakada

    2014/3/16 (12:34) Erantzun

    AUPA OLIBAK!LAN EDERRA, SEGI AURRERA TA ANIMO ASKO AIARALDETIK!

Iruzkin bat utzi.

* Zure e-posta ez da argitaratuko.
HTML etiketa eta atributu hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>